
Zenbait datu
Gaur egun, Bidasoako eskualdean sortzen ditugun hondakinen % 55 bakarrik birziklatzen da (industria-hondakinak barne). 2030erako, Europak % 60ko birziklatze-tasa eskatzen digu, eta Gipuzkoan, berriz, % 70eko helburua dugu:
Oraindik badugu hobetzeko tarte zabal bat, eta lan handia geratzen zaigu helburua lortzeko.
Etxeko bilketan % 55 horretatik dexente behera gaude, eta hobetzeko tarte handia dugu; adibidez, materia organikoa birziklatzea oso garrantzitsua da helburuak lortzeko, etxean sortzen diren hondakinen % 40 mota horretakoak direla uste baita.
Kontuan izan behar dugu, dena birziklatzen badugu, hondar-ontzian oso gutxi sortzen dela. Ikerketen arabera, etxean sortzen diren hondakinen ia % 90 kaleko edukiontzien, minipuntuaren eta garbigunearen artean utz daitezke, gaika.
Hondakinak bereiztetik datozen diru-sarrerek zuzenean eragiten dute hondakinen tasan. Zenbat eta gehiago birziklatu, orduan eta baliabide ekonomiko gehiago sortzen ditugu zerbitzua hobetzeko.

Gogoratu, organiko-txartela erregulartasunez erabiltzeagatik (hilean gutxienez 3 aldiz), hondakin-tasaren tarifa murriztua ordaintzen dela, hau da, 80 € gutxiago urtean.
